Vistas de página en total

2010-01-20

Haitiko lurrikara:


Haiti, Karibe itsasoan kokatutako estatua da; uhartearen mendebaldeko herena Hispaniola da. Dominikar Errepublikarekin muga egiten du, Karibe itsasoaren eta Atlantikoaren artean. Uharte nagusiaz gain, beste hainbat uharte txikiagok osatzen dute Haiti: La Gonâve, La Tortue, Les Cayemites, Île à Vache, La Grande Caye eta La Navasse.


2010eko urtarrilaren 12an, Haitin Richter eskalan 7,0 graduko lurrikara egon zen. Lurrikararen epizentroa herrialdeko hiriburua den Puerto Principetik hamabost kilometrora kokatu zen.

Lurrikara sortutako kalteak izugarriak dira; egunero teleberrian hondamendi honi buruzko informazioa ematen dute eta heltzen zaigun informazioa oso txarra da. Hil egin diren pertsonak 50.000 inguru izan daitezkeela uste da eta kaltetuak 3.000.000 pertsona gutxi gora-behera.

Hori dela eta, herrialde asko, Haitiko biztanleei laguntzeko asmoz, Haitira joan dira eta beste askok, diru laguntzen bidez haien ekarpenak bidaltzen ari diete. Hala ere, herrialdea egoera penagarrian gelditu da, etxeak, dendak, zuhaitzak etab. suntsiturik lurrera erori dira. Eta pertsona asko izan dira hondakinen artean harrapatuak gelditu direnak; eskerrak, noizbehinka pertsonaren bat bizirik aurkitzen dutela.
Eusko Jaurlaritzak 200.000 euroko diru-laguntza eman du Haitin izandako kalteak konpontzen laguntzeko. Era berean, Ertzaintzaren 27 espezialista eta Eusko Jaurlaritzaren larrialde teknikari bat bidali dituzte hainbat 4x4 ibilgailurekin Haitira.


Herrialdea lurrikara gertatu baino lehen zeukan itxurara bueltatzeko, denbora, lan eta diru asko behar izango da. Hori jakinda, saia gaitezen guztion artea Haitiko biztanleei laguntzen; edozein laguntza hobe da ezer ez baino. Solidariza gaitezen eta lagundu diezaiegun; gure laguntza ezinbestekoa baita!

Euskal etxeak munduan zehar:

Historian zehar, badira euskaldun askok arrazoi desberdinengatik haien herrialdea utzi egin behar izan dutenak. Horregatik, ez da arraroa munduan zehar euskaldunak aurkitzea Ingalaterran, Txinan, Argentinan, Amerikan, ...

Hala ere, kide ugari hainbat belaunalditatik Euskal Herritik at bizi badira ere, lotura berezia sentitzen dute euskaldunekiko edo Euskal Herriarekiko; hori dela eta, askok bizi diren herriaren eta euskalduntasunaren nortasunak partekatzen dituzte.

Horregatik, Euskal etxeak munduan zehar( 150tik gora) sakabanaturik daude. Baina zer egiten da leku horietan?

Euskal etxeak euskal diasporako euskaldunak biltzeko zentroak dira eta batez ere, kultur helburuak dituzte: hizkuntza eta dantza ikastaroetatik mus txapelketetaraino, besteak beste. Laburpen gisa, euskal kulturaz ikasteko eta goxatzeko tokiak dira. Bertan, haien jatorriarekiko hurbilketa izateko aukera dute.

Euskal etxe gehienak, Argentinan daude. Izan ere, Argentinako biztanleen %10 inguruan euskal jatorrikoa da. Baina nahiz eta Argentina euskal etxe gehien dituen herrialdea izan, adibide moduan, Txinan dagoen euskal etxeari buruz hitz egitea erabaki dut:

Txinako euskal etxea Shangai hirian dago eta 2004. urtean sortu egin zen. Bertan, bai kultura mailan zein sozial eta politika mailan, Shanghaira hurbiltzen diren pertsonen eta instituzioen elkarpuntu bihurtu da; Shanghaiko bizitza soziokulturalean oso paper garrantzitsua du. Ekintza mota desberdinak antolatzen dituzte: mus txapelketak, beste kultur taldeekin harremanak, hizkuntza ikastaroak, dantza tailerra, etab.

Haien web orrian, berri bitxia aurkitu dut: korrikaren 16. edizioa harresi handian egin zuten!

Beraz, Txinako euskal etxea adibide bezala harturik, aniztasuna aberastasuna dela ikus dezakegu; berdin da bizitzen non zauden zure kulturaz eta herrialde horren kulturaz goxatzeko.

2010-01-19

Afrika ezagutzen bloga:



" Afrika ezagutzen" bloga, nire ikaskide batek idazten ari den bloga da. Bertan, Afrikako kontinentearekin zerikusia duten zenbait berri aurki ditzakezue.
Nire ustez, bertan agertzen diren berriak oso interesgarriak dira; gainera, berrietan agertzen diren argazkiak egokiak izateaz aparte, oso politak dira. Orokorrean, bloga erakargarri eta txukun dago.

Bestetik, blogean dauden zerbitzuak, hala nola, web interesgarrien zerrenda; bilatzaileak; itzultzaileak; gai horri buruzko bideoen zerrenda etab. oso baliagarria izan daitezkeela deritzot.

Beraz, animatzen zaituztet blog hau bisitaztera eta bertan dauden berri interesgarriak irakurtzera.

2010-01-16

Albinoak Afrikan:



Gaur Albinoak Afrikan pairatzen dituzten tratu txarrei buruz hitz egingo dizuet. Askoei gaia ezezaguna egingo zaizue zeren albinoak diren pertsona beltzak ez dira oso ohikoak; behintzat ez zaigu pertsona horriei buruz informaziorik heltzen.

Artikulu honen azpikaldean aurkituko duzuen movie makerra, ikaskide batzuk eta nik klaserako sortu genuen. Bertan, gaia jorratzen dugu eta bereziki, Tanzaniako beltz albino baten istorioa kontatzen dugu: Moszy izeneko gazte baten istorioa.


Duela urte bat Espainiara heldu zen eta "axilo politikoa" eskatu zuen. Bere istorio hunkigarria kontatu zuenean, hasiera batean, ez zioten sinistu; harrigarria zen mutil horrek esaten zuena:

“ Nire herrialdean ez naute onartzen, bizirik sorte txarra ekartzen dudala esaten dute. Hiltzen badidate, sorte ona ekarriko diedala uste dutenez, ez da arraroa ni bezalako pertsonak erailtzea”.

Orain aipatu dizuedana, sarreratxoa da, bideoan aurkituko duzuenaren laburpentxoa. Nire ustez, bideo hau baliagarria da pertsona horiek jasaten dutena ulertzeko. Horregatik animatzen zaituztet hiru minutuko bideo hau ikustera, ez zarete damutuko:


2010-01-09

RASTAFARI MUGIMENDUA:



Rastafari mugimendua 1930.urtean Jamaikan sortutako mugimendu erlijiosoa da. Jamaikarren %60 gutxi gora behera, rastafaritzat dute beren burua Gaur egun ordea, imigrazioari esker, munduan zehar zabaldu da.

Baina, nola sortu zen?

Marcus Mosiah Garvey kazetari Jamaikarrak, garai horretan beltzek jasaten zituzten tratu txarren kontra egin zuen. Rastafarien artean pertsona garrantzitsua da zeren bera izan zen Etiopian errege beltz bat ( Haile Selassie, lehenago, "Ras Tafari" printzeaz ezagutua) koroatuko zutela esan zuena. Beraz, profetatzat dute. Koroatze horrek izugarrizko garrantzia izan zuen zeren kontuan hartu behar dugu garai horretan beltz asko esklabuak zirela (europearren kolonizazioak zirela eta); horregatik, gertaera horrek izugarrizkoko garrantzia izan zuen.


Bestetik, rastafariek debekatuta dute alkohola edatea, tabakoa erretzea eta arraina edota haragia –bereziki txerrikia– jatea. Gatza ere debekatuta dute. Gorputzaren eta arimaren garbitasuna adierazteko Itzal hitza erabiltzen dute, naturala, garbia ez den guztiak izpiritua zikintzen duelako eta ezin dute onartu.


Elikadura kontuetan dituzten debekuez gain, rastafariek debekatua dute gorputzean duten ilea moztea. Hori dela eta, ilea oso luzea dute eta beltzen ilea oso kizkurra denez, txurroak sortzen zaizkie. Rastafariek txurroei “dreadlock” deitzen diete.

Haien liburu sakratua Kebra Nagast da eta bertan erlijioaren sorrerari buruz eta horren antzeko pasadizoak agertzen dira. Erlijio honetan sinisten dutenek, antzinako Israeldarren ondorengoak direla uste dute.
Kristo aurreko X. urtean, Menelik I-ak ( Salomon erregea eta Sabako printzesaren semea) Etiopia eratu zuen. Horregatik, rastafariek, Etiopia Zion izenez ezagutzen dute: rasta erlijioaren jarraitzaileen paradisua; hiltzen direnean Zion izeneko lurraldera doazela uste dute.

Rastafarien landare sakratua cannabisa da. Landare hau, jainkoarekin( Jah, Yahveh) komunikazio hobea izateko eta zenbait erritualetan tresna gisa erabilia da. Beraientzat, Marihuana da kristauentzat "ostia sakratua" bezalakoa. Hala ere, esan beharra dago, rastafari guztiek ez dutela cannabisa kontsumitzen jainkoarekiko hurbilketa hori lortzeko.


«Belarra erretzen duzunean zure burua nolakoa den erakusten duzu. Belarrak egiten dituzun gauza txar guztiak erakusten dizkizu. Zure kontzientzia da. Zure buruaren argazki zehatza erakusten dizu. Belarrak pentsatzen jartzen zaitu, meditatzen jartzen zaitu. Agian, pertsona lasaia eta orekatua bazara, posible duzu belarrik gabe meditatzea. Mendira bazoaz, txorien kantuak entzungo dituzu. Baina belarra erretzen baduzu, txorien kantuak ederragoak irudituko zaizkizu eta meditatzen lagunduko dizute. Belarra gauza naturala da, zuhaitzak bezala hazten da. Biblian, liburu santuan, idatzita dago gizakiak behar bezainbeste belar erre behar duela Jainkoarekin komunikatzeko». Bob Marley

2010-01-04

Hiztegitxoa:

Hemen uzten dizuet nik egindako taula. Bertan "kaixo" eta "agur" hitzak zenbait hizkuntza desberdinetan aurki ditzakezue.
Hiztegi hau sortu dut zeren klasean blogean taula bat sartzea eskatu zidaten. Gainera, nire gaiarekin lotzeko, herrialde desberdinetan nola agurtzen diren jakitea interesgarria izango litzatekeela pentsatu dut. Beraz, hor daukazue taula:




EUSKARAKaixoAgur
INGELESAHelloGoodbye
TXINERANi haoGào chí
HINDUERANamasteNamaste
HUNGARIERASzervuszViszontlátásra
UKRANIERAPryvitDo pobachennia
GREKERAYia souαντίο!(acdiós)
JAPONIERAKonnichi waSayonara
ERRUSIERAPrivietDo svidániya
SENEGALERASalamaleikumBa suba ak jam
ERRUMANERABuna ziuaLa revedere
ITALIERACiaoArrivederci
ALEMANIERAGuten Tag auf Wiedersehen

2010-01-03

ZERGATIK MARRAZTEN DUTE HINDUISTEK PUNTU BAT BEKOKIAN?



Antzina, bekokian marrazten duten puntua, gizonek soilik zeramaten eta helburu erlijiosoa zuen: hautsez egindako borobiltxoak, hinduisten zein sektaren barne zeuden erakusteko modua zen. Hindi hizkuntzan borobiltxo horri "tilaka" edo "bindi" esaten zaio.
Kolorea desberdinekoa, segun ze jainkoa goraipatzen zuten:Shiva, Visnú etab. Tenpluko "bramana" fededunen bekokien erdi-erdian tilakak marrazten zituen (jakintasunaren chakra dagoen tokian), babesa lor zezaten


Baina emakumeen kasuan ordea, tilakaren esanahia oso desberdina da; adibide gisa, puntua gorria bada, emakumea ezkonduta dagoela esan nahi du.
Dirudienez, puntu gorriaren jatorria honakoa da: antzina, ezkontzan zehar senarrak bere odolarekin emaztearen bekokian puntu bat marrazten zuen, ezkontzaren kompromiso ikurra bezala.
Gaur egun, odola tinteengatik edota kalkomaniengatik ordezkatu egin da, baina tokiko ohitura mantendu egin da.



Neskatoek eta gazteek tilaka ere marrazten dute, baina beste kolore batzuekin eta apaingarri moduan.

INDIA, TAMIL NADU:


India da, Txinaren ostean, populazio gehien duen munduko
bigarren herrialdea (lehenengoa, herrialde demokratikoen
artean), 1.100 milioi biztanlerekin, (2004ko datuen
arabera). Ehun hizkuntzatik gora hitz egiten dira Indian.

Ikuspegi erlijiosoari dagokionez, honela banatu dezakegu
bertako biztanleria:
hinduak (%81,3), musulmanak (%12), kristauak (%2,3), sikhak (%1,9); bestelako taldeek %2,5 osatzen dute, budistak, jainak eta parsiak barne.

Tamil Nadu (“Tamilen Lurraldea”), Indiaren hego
ekialdean dagoen estatua da. Estatu horri “Madras-en
presidentzia” izena eman zitzaion britainiarrek India
okupatu zuteneko sasoian. Herrialdeak independentzia
lortu ostean, ordea, “Madraseko estatu” bilakatu zen.
Herrialde horretako beste toki batzuetan gertatu ez bezala, Tamil Nadu estatuan izaten dira euriterik eta handienak, ipar ekialdeko monzoiari esker, urritik abendura artean, hain zuzen ere.

Nekazaritzak ezinbestekoak ditu eurite zikliko horiek bizirauteko. Tamil Nadu
izan zen 2004ko abenduan Asiako kostaldeak suntsitu zituen tsunamiaren kalteak jasan
zituen estatuetariko bat. 4.000 lagun baino gehiagok galdu zuten bizia; gainera, estatuko hegoaldeko eremua ia gehiena kaltetuta gelditu zen.



Madras estatua Chennai izenaz ezagutzen da ofizialki, 1996. urteaz geroztik eta, estatuko`hiriburua izateaz gain, Indiako laugarren hiri handiena da. Tamil Nadu oso ezaguna da bere literatura aberatsagatik eta gaur egun oraindik indarrean dauden bere musika eta dantzengatik. Indiako estatu aurrerakoi eta industrializatuenetariko bat da. Tamilera da bertako hizkuntza ofiziala.

2009-12-29

Ijitoak:



Ijitoak duela 500 urte gutxi gora-behera Euskal lurraldeetan bizi den etnia bat da. Ia egunero kaletik beraiekin topo egiten dugu eta askok dira gurekin erlazioren bat dutenak. Baina, ba al dakigu beraien jatorriaz edota beraien kulturaz zertxobait????

Duela aste pare batzuk, "Kalé dor kayiko-ko" elkartearen berri izan nuen, unibertsitatera hitzaldi bat ematera etorri zirelako. Hitzaldi horretan hainbat gai interesgarri jorratu ziren, nik ezagutzen ez nituenak. Horregatik, artikulu honen bitartez, kultura horri buruz dagoen ezjakintasuna salatu nahi dut. Azalpentxo hau eman ostean, kultura honi buruz aurkitu dudan informazioa idatziko dizuet:

Nahiz eta ijitoen jatorria zehazten duen datu objektiborik ez egon, Pakistan eta India artean dagoen Punjab lurraldean sortutako etnia dela uste da. Nomadak izanda, ez da arraroa munduko leku askotan ijitoak aurkitzea. Gaur egun ordea, ijito gehienek nomada izateari utzi diote eta herrialdeetan beraien bizilekuak eraiki dituzte.
Ijito euskaldunek buhame izena hartzen dute, beharbada hona iritsi ziren lehenengo ijitoak Bohemia aldetik etorri zirelako. Beraien hizkuntzari Erromintxela izenaz ezagutzen da.

Ezarritako nazio gehienetan baztertuak izan dira mendeetan zehar; gaur egun, gero eta onartuagoak daude baina esan beharra dago, oraindik bide luze eta zail baten aurrean gaudela berdintasuna lortzeko.
Nire ustez, ijitoek beraien eskubideak eta ohiturak onartuak izatea aldarrikatzen dute. Baina estatuak askotan beraien sistemaren barruan sartzera behartzen die, horrelakorik kontuan hartu gabe. Horren ondorioz desadostasuna sortzen da ijitoen eta payoen artean; ezin da kultura bat bestearen gainean jarri berdintasuna lortzeko.
Baina egoera aldatuz doa, ijitoek asko irakatsi ahal digute eta guk haiei ere bai. Beraz, guztion esfortsuarekin elkarrekin gero eta hobeto biziko gara.

Googleren alerta zerbitzuak erabiltzeko tutoriala

Hemen daukazue Carlotak eta biok egin dugun tutoriala.
Tutoriala hau egiteko, camtasia programa erabili dugu. Programa hau, internetetik dohainik jaits daiteke.

Aukeratu dugun gaia, googleren alerta zerbitzua nola erabiltzen den erakusten da. Honi buruzko tutoriala egitearen arrazoia, zerbaitetaz informatua egotea nahi izanez gero, alarma zerbitzu hau oso baliagarria izan daitekeela pentsatzen dugulako da. Erabiltzea ez da zaila eta lehen aipatu dudan bezalaxe oso lagungarria izan daiteke edozein informazio bilketarako.

Beste barik, hemen daukazue tutoriala.


2009-12-28

Komunikabideen eragina:


Behekaldean aurkituko duzuen power point-a pasa den urtean ikasgai baterako egin genuen.
Bertan, immigrazioari buruzko zenbait atal agertzen dira; adibidez, immigrazio kontzeptua zer den azaltzen da; norberaren jatorritik joateko arrazoiak azaltzen dira; komunikabideen manipulazioaren ondorioz sortzen den diskriminazioa, besteak beste. Horretaz gain, bi egunkari desberdinetan aurkitutako bi berri aztertu genituen, ondoren gure ondorioak ateratzeko.

Pertsonalki, lan hau egitea komunikabideen eragina oso indartsua dela eta edonork manipula dezakeela irakatsi dit. Telebista tresna baliagarria bihurtu da boterean dauden pertsonentzat. Horren bitartez, bidali nahi diguten mezua modu erakargarri batean jarriz, nahi duten guztia sinestarazi ahal digute. Hainbat komunikabide tresna desberdinak egon arren, telebista indartsuena dela deritzot; gaur egun etxean gutxienez bi telebista edonork izan ditzake. Gainera askok ordu asko igarotzen dituzte telebistaren aurrean, milaka eta milaka mezu desberdinak barneratuz.

Bai, onartu behar dugu erosotasunaren garaian biri garela. Gizartea gero eta erosoagoa, bakartiagoa eta lehiakorragoa da. Munduan gertatzen diren bidegabekerietaz interesa izan arren, ez du ezer egiten aldatzeko.
Eskerrak munduan badirela zenbait pertsona bidegabekeriak zalatzen dituztenak eta horiei aurre egiten dietenak; hau da, konformatzen ez direnak eta borrokatzen dutenak beste mundu berri bat eraikitzeko. Benetako arazoetaz ahalik eta jende gehien informatzen saiatzen direnak; horrela, "begiak estaltzen digun zapia kentzeko aukera izango dugu".




2009-12-18

"EUSKADI CUBA" ELKARTEA:


Interneten berri baten bila nenbilela, elkarte honekin topo egin nuen. Web-a interesgarria iruditu zitzaidan, are gehiago elkarteak egiten dituen ekintzak eta hitzaldiak.

Aipatzen direnen artean, pasa den hilean (urriaren 23an) egon zen hitzaldiari buruz informatzea gustatuko litzaidake: "Kuba: Hegoaldeko emakumeak komunikabideetan"

Zoritxarrez, ezezagupenagatik eta informatua ez egoteagatik, hitzaldira joateko aukera galdu nuen. Hala ere, egondako hitzaldiaz informatzeaz aparte, jendeari elkartea ezagutaraztea eta bertan planteatzen diren ekintzen eta hitzaldien berri izateko, honi buruzko berri bat sortzea pentsatu dut.

Horrela, ez zaizue niri gertatu zaidana pasatuko.Interesa izanez gero, web-a honako hau da: www.euskadicuba.org

Bukatzeko, youtuben elkarte honi buruzko aurkitutako bideoa utziko dizuet, interesa izanez gero informazio gehiago izateko:





2009-12-08

Aminatou Haidar:



Argazkian agertzen den emakume (egunero telebistan ikus dezakeguna) honen egoerari buruz hitz egin nahi dizuet. Hasi aurretik, gustatuko litzaidake esatea harrigarria iruditzen zaidala emakume honek pairatu behar duen egoera eta horrek dakarren "morbo mediatikoa".

Aminatou Haidar famatua egin da Giza Eskubideen babeslea izateaz aparte, Sahararen autodeterminazioaren aldeko ekintzaile sutsua delako.
Sahara 1976-ra arte, Espainiako kolonia zen, baina gaur egun Marokoko esatatuaren menpe dago. Hori kontuan izanda, Aminatou bere ideologiagatik (Sahararen aldekoa) hainbatetan jarraitua eta zigortua izan da.

2005ean, atxilotua izan zen eta Aaiun-eko kartzelan ("Prision negra" izenaz ezagutua dena) sartu zuten. Baina epaitegian eman ziren gorabeherengatik Anmistia Internazionalak eta Europear parlamentuko zenbait kide bere ateratze prozesurako izugarrizko laguntza izan ziren eta kartzelatik ateratzea lortu zuten. Bere askatasunarekin, Sahara libre izateko ideia piztu zen berriz ere jendearengan.

2009ko azaroaren 13an New York-etik Aairun- era itzuli zenean Marokoko gobernuak Lanzarotera exportatu zuen, bere herrialdetik kanporatuz eta bere jatorrizko identitatea ukatuz. Horren ondorioz, emakumea bere eskubideak aldarrikatzeko azaroaren 15ean gose greban hasi zen. Badira 3 aste egoera horretan dagoela eta bere osasuna gero eta egoera larriagoan dago.

Espainiako Estatuak hiru irtenbide eskeintzen dizkio:
1- Asilo politikoa
2- Pasaporte berria eskatu
3- Espainako nazionalitatea hartzea
Dirudienez, Aminatou ez dago irtenbideekin ados eta horregatik gose grebarekin jarraituko duela esan du.

NOIZ ARTE UKATUKO DIOTE EMAKUME HORRI BERE NAZIONALITATEA IZATEKO ETA BERE HERRIAN BIZITZEKO ESKUBIDEA???

2009-11-10

power point

Bideo honen bitartez, gaur egun bizi garen mundua erakustea nahi dut. Egunero milaka eta milaka bidegabekeriak jasaten ditugu; gainera egoera hau "normala" iruditzen zaigu, betidanik bizi egin dugunez ez dugu kolokan jartzen.
Ez al da unea guztion artean arazoei aurre egiteko? Zergatik bermatu gustukoa ez dugun mundu hau? Espero dut power point hau baliagarria izatea eta bidaltzen duen mezua ulertzea

2009-11-03

Ikasketa Prozesuaren Erronka Ezagutzaren Gizartean

Carlos Castañok eta Inmaculada Maizek (EHU-ko irakasleak) idatzitako testua irakurri ondoren, hausnarketa egiteari ekingo diot.

Testu honetan zehar, gizarteak jasan dituen aldaketei erreferentzia egiten dio. Industria Gizartea albo batera utzita, Ezagutzaren Gizartera igaro gara, non informazioa ez den informazio hutsa, ezagutza baizik; garai honetara heltzearen arrazoiak globalizazio prozesua, informazioaren eta komunikazioaren teknologien eragina eta ezagutzaren administrazioa izan dira.

Gaur egun, ezagutza ekoizpenean, erabilera eta banaketa dira gakoak; honi, Internet-ek jokatzen duen paper garrantzitsua gehitu behar zaio. Internet-ek hizkuntza propio eta unibertsala sortu du: tag-ak, blog-ak,postcast-ak etab. termino agertu dira. Horrekin batera, Internet-ek dakarren zerbitzu aukerak ugariak dira, alfabetatze digitalez ezagutzen dena. Alfabetatze digitalak, web 2.0-ekin harreman estua du, beharrezko trebetasunak eta gaitasunak gure eskura jartzen baititu. Elkarganatze digitala, oso garrantzitsua da esparru honetan ere. Horri esker, irudiak, soinuak, bideoak etab. elkar daitezkeelako.

Ondorioz, gizarte berri bat sortzen ari da, non biztanleak parte-hartzaileak, sortzaileak eta kritikoak diren. Beraz,honekin guztiarekin esan beharra dago, gizartea etengabeko hezkuntza baten menpe dagoela eta prozesu horretan sartzen ez dena, bazterturik geldi daitekeela.

2009-10-22



Kaixo lagunok!!

Blog hau, gure inguruan aurki ditzakegun kultur desberdinak ezagutzera eta horretaz hausnartzera bideratuta dago.

Nire ustez, gaia garrantzia handikoa da. Etorkin kopurua 2000. urtetik hona asko handitu denez, elkarbizitzan "oztopoak" sortu dira.

Blog-aren bitartez, aniztasuna aberastasunaren sinonimotzat har daitekeela demostratu nahi dut.

Espero dut, irakurtzen duzuenon iritziak jasotzea eta horrela, guztion artean gai interesgarri hau ahalik eta gehien sakontzea.

Beste barik,

Eskerrik asko!!

2009-10-19

Bideoa:

Bideo honekin hasiera eman nahi dut nire blog-ari zeren oso egokia iruditu baitzait, modu dinamiko batean erakusten du hitzekin askotan ateratzen ez zaizkigun hainbat ideia.